«BARNEKO GAKOAREN BILA»

Nora Arbelbide Letek idatzitako artikulu ederra

Berrian

Mila esker!

Barneko gakoaren bila

Agurtzane Anduetzak margolanak eta poema laburrak uztartzen ditu ‘Eskualdunen gakoa’ liburuan.

Barne bidaia bat kontatzen du

Agurtzane Anduetza liburu aurkezpenean, gibelean liburuko irudi bat daukala.
Agurtzane Anduetza liburu aurkezpenean, gibelean liburuko irudi bat daukala. LUCIEN ETXEZAHARRETA
2015eko irailak 19

Galdera batekin hasten du Eskualdunen gakoa (Maiatz) liburuko bidaia Agurtzane Anduetzak (Iruñea, 1960): «Adi ezazu eskualduna aurkitu al duzu dagoeneko (zeure) gakoa?». Hortik hasi eta galdera horri erantzuteko asmoarekin hasten da bidaia. Ankre eta tindu gorriak lagundu margolanak eta olerkiak elkartzen dituen bidaia bururatzerakoan, norbaiten barne batera heltzen da. Barne bat, gune bat, «territorio libre eta berri» bat dena.

Azaletik gorputzaren barnera joaten den territorioa du. Barne horretan gauza «anitz» ikusten dituela dio artistak, «eta esperantza handiarekin, gainera». Norena den zehazki barne hori, hori autoreak ere ez dakiela dio. Baina izaki bat dela, hori bai, «ez andrea eta ez gizona». Eta hori garrantzitsua zaio artistari.

Kezka bat dauka oinarrian: «Gaur egungo munduari begira zer egin? Nola jarraitu egiten gauzak? Sortzen? Nik beharrezkoak ditut territorio berriak. Eta hau da niretzat territorio berri bat. Eta agian besteendako ere bai. Zeren humanoendako da. Eskualdunendako. Identitate joko bat da hor». Hari nagusi hori zehazturik, gainerateko kontuei begira, liburu proiektuaren nondik norakoak esplikatzea biziki zaila egiten zaiola azaldu du Anduetzak. «Kanal» bat bezala ikusi baitu bere burua sorkuntza prozesuan: «Inspirazio oso zuzena izan da. Ari nintzen erakusketa bat prestatzen, eta lanean nenbilen bitartean, hau dena etortzen ari zen, horrela, dagoen bezala. Ez dut burua erabili hau egiteko. Horregatik, oso hitz gutxi ditu. Abrakadabra esplikatu ezin den bezala, hau ere ezin da. Magia bezalakoa da». Liburua ez dela «arrazionala» gaineratu du.

Sinboloz josia da, eta hori aldarrikatzen du Anduetzak: «Sinbologia behar dugu». Norberak bere burua ahul sentitzen duelarik, sinbolo horiek norberari indarra ematen dionaz oroitzen lagundu dezaketela dio. Sinbolo nagusia liburuak bukaeran dakarren gako baten irudia du. Irudi hori moztu eta agerian uztea ere proposatzen du artistak: «Ez ahanzteko balio dezake horrek bakarrik. Hainbeste zarata dagoenez inguruan, eskuragarriago izan daiteke horrela, maite badugu bide hori. Gogoan edukitzeko, barruan».

Azken hogei urte hauetan Zugarramurdin (Nafarroa) bizi da Anduetza. Batzuetan margotzen du, besteetan marrazten, idazten. Eskultura lanak ere egiten ditu. Autodidaktatzat dauka bere burua, eta arlo horien guztien artean ez du hautatu nahi. Zein baliabide erabiliko duen, sorkuntzaren arabera duela hautatzen dio: «Ideia bat edo sentimendu bat» baldin badu, horrek eragiten dio «sormena». Eta berdin zaio nola.

Ofizioz ere arte lanetan diharduela; horrek «trebezia ekartzen du, beti lanean ari baitzara». Baina, alde «praktiko» horren ondoan, «barrutik hor dago bultzatzen bestea. Eta nik ez diot uko egiten horri. Horregatik lan egiten dut anitz. Ez dut uzten egin gabe. Gainera, nire musak asko insistitzen du». Eta liburua barneko bultzada horren emaitza ere bada nonbait: «Barnetik atera dena».

2015-07-15 22.20.53
Luzien Etxezaharretarekin, liburuaren aurkezpenean Baionako Euskal Museoan (argazkia: Franck Dolosor)

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: